Erabilera baldintzak
ERABILTZAILEAK
Kudeaketarako aplikazioaren bidez erregistratzen den 16 urteko edo gehiagoko edozein pertsona.16 urtetik beherakoek tutorearen bidez erregistratuta egon beharko dute.
Erabilera-baldintzak onartu beharko dituzte eta telefono mugikor baten zenbakia, helbide elektroniko bat eta bizi diren udalerria. Derion zein udalerritik kanpo bizi direnak izan daitezke erabiltzaile.
Eskabidean, horrez gain, bizikleta aparkatzeko sistema hau erabili nahi izatearen zergaitia azalduko dute.
Zerbitzu martxan jarri aurretik izena emateko epe bat ezarriko da. Izen-emate baliodunen kopurua BiziParkeko edukiera (24 plaza) baino handiagoa bada, zozketa egingo da. Zozketan plaza lortu ez duten pertsonak itxaron-zerrenda bat osatuko dute
ERABILTZAILEEN KONPROMISOAK
BiziPark zerbitzuaren erabiltzaileak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
1. Zerbitzua eta haren osagai guztiak arduraz erabiltzea.
2. Bizikleta-aparkalekua erabiltzaile bakoitzaren erregistratutako bizikletekin bakarrik erabiltzea.
3. Bizikleta horretarako prestatutako lekuetan aparkatzea.
4. Ekipamendua erabiltzearekin batera, aparkalekua ondo itxita dagoela egiaztatzea.
5. Aparkalekuak duen edozein matxuraren edo kalteren berri ematea zerbitzuko arreta-langileei, eta non eta zein baldintzatan dagoen adieraztea.
6. Zerbitzuari emandako datu guztiak egiazkoak direla baieztatzea eta abonoarekin zerikusia duen daturen bat aldatuz gero, horiek jakinaraztea.
7. Sisteman sartzeko gakoak eta kodeak modu seguruan gordetzea.
8. BiziParkeko zerbitzuak erabiltzeagatiko ordainketa guztiak egunean izatea.
ORDUTEGIA
Eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan.
Udalak zerbitzua erabiltzeko ordutegia eta aparkalekuaren irekiera denbora aldatu ahal izango ditu, arrazoiak emanez, eta aldez aurretik jakinaraziko du, ahal bada behintzat.
Aldaketa hori erabiltzaileei jakinaraziko zaie Bizkaiko Foru Aldundiak emandako kudeaketa-plataformaren Nire oharrak atalaren bidez.
BONUAK ETA TARIFAK
Honelako epealdiotakoak izan daitezke bonuak: Hilabete 1 (4 €), 3 hilabete (10 €), 6 hilabete (20 €) edo urte bete (40 €)
Bonuen iraupena ez da erositako hilabete naturalarekin bat etorriko. Eskaera baliozkotu dela eskatzaileari jakinarazten zaion unean sortuko da ordaintzeko betebeharra.
Eskatzaileak, erabiltzaile bihurtzen denean, ordainketaren baliozkotasunaren azken 15 egunetan mezu bat jasoko du kontratatutako aldiaren amaieraren berri emanez, eta ordainketa berritzeko aukera izango du eskaera-prozeduraren bidez, ordainketaren baliozkotasunaren azken 5 egunetan lehentasuna izango duelarik. Berritu ezean, zerbitzua berriro erabili ahal izateko eskaera bat egin beharko duzu prozedurari jarraituz.
Bonua erosteko prozesua amaitzeak baldintzak onartzea eta BiziPark zerbitzuan alta ematea dakar.
Baimendutako erabiltzaileak bizikleta aparkatzeko plaza bakarra erabili ahal izango du, eta bere erantzukizuna izango da gailuaren elementuak bere baliabideekin ziurtatzea. Gainera, 6 kutxa gotor tenporizatu izango dituzte eskura, segurtasun-itxiturarekin eta bateriak kargatzeko konexio elektrikoarekin. Armairuak 12 orduz erabili ahal izango dituzte, gehienez ere.
Bonua erosteak ez du eskubiderik emango erabiltzaile bakoitzarentzat plaza jakin bat erreserbatzeko instalazioaren barruan. Ezin izango da instalatutako plazak (24) baino bizikleta gehiago egon.
BONUAK ORDAINTZEA ETA SARBIDEA EGIAZTATZEKO KUDEAKETA
Behin balidatuta, inskribatutako pertsonak webgunera sartzeko kredentzial bat izango du, eta une horretatik aurrera kudeatu ahal izango ditu bai ordainketak, bai bonu berrietarako aurreinskripzioa.
Ordainketa Udalak aurreikusitako plataformaren bidez egingo da.
ERABILTZAILEAREN ALTA ETA ERREGISTROA
Alta eskatzeko prozedura
BiziParkeko zerbitzura sartu ahal izateko, lehenik eta behin eskaera bat egin behar da. Horretarako, nahikoa da web plataformara (bizipark.derio.eus) edozein gailutatik sartzea (PC, mugikorra, tableta...) eta datu pertsonalak bertan jartzea.
Bizikletak aparkatzeko plazak esleitzeko modua
Plaza baino eskaera gehiago egonez gero, zozketa bidez esleituko da BiziParkeko bizikleta aparkaleku plaza bakoitza.
Egindako zozketaren emaitza Derioko Udaleko iragarki-taulan argitaratuko da, eta aparkaleku-bizikletak esleitzen zaizkien pertsonen zerrenda ere jakinaraziko da, baita itxaron-zerrendan geratzen diren eskatzaileena ere.
ZERBITZUAN BAJA EMATEA
Edozein erabiltzaileri baja emango zaio zerbitzuan honako kasu hauetan:
a) Norberak eskatuta.
b) Aukeratutako bonuari dagokion kuota ez ordaintzea.
c) BiziPark 14 egun naturaleko aldietan ez erabiltzeagatik, bi ohartarazpen egingo zaizkio aurretik
d) Instalazioetan edo BiziParken gordetako beste edozein elementutan eragindako kalteengatik.
* Baja BiziParkeko edozein elementutan eragindako kalteen ondorioz gertatzen bada, erabiltzaileak ezin izango du berriro zerbitzuan alta eskatu bajaren egunetik urtebete igaro arte.
BIZIKLETAK KENTZEA
Zerbitzuan baja emanez gero, BiziParken sartzeko baimena desaktibatu egingo da. Bizikletak, baja hartu ondoren, BiziParkean jarraitzen badu, Udala arduratuko da bizikleta kentzeaz eta udal bulegoetan gordetzeaz.
a) Bizikleta aparkalekuaren barruan aparkatuta egon daitekeen denbora-tartea mugagabea da, betiere erabiltzaileak zerbitzuen prezioak ordaintzen baditu eta ezarritako baldintzak betetzen baditu. BiziPark 14 egun natural baino gehiagoz erabiltzen ez dela detektatzen bada, Udala erabiltzailearekin harremanetan jarriko da, eta horren berri emango dio erabiltzaileari. Arrazoi beragatik ondoz ondoko bi ohartarazpen egiten bazaizkio erabiltzaile berari, baja emango zaio zerbitzuan, eta bizikleta-aparkalekutik kendu ahal izango da, abandonatzeagatik, eta ibilgailuen udal biltegira eraman.
b) Erabiltzaileak aparkalekua utziko du kontratatutako ordainketaren epearen barruan. Epea igaro ondoren, Udalak jakinarazpen bat bidaliko du, 48 orduko epearekin, ibilgailua kentzeko. 48 ordu horiek igaro ondoren, eta behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, Udalak giltzarrapoa apurtu eta bizikleta udaleko ibilgailu-biltegira eramango du.
c) Aurreko idatz-zatietan ezarritako kasuetan, zerbitzuaren erabiltzaileak ez du kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izango giltzarrapoa hausteagatik.
d) Erabiltzaileak, bizikleta berreskuratzeko, aurreko bi kasuetan, Udalaren ibilgailuen biltegira joan beharko du, eta, aldez aurretik, bizikleta kentzeari dagozkion zenbatekoak ordaindu beharko ditu, eta, hala badagokio, bizikleta udal bulegoetan egoteari dagozkionak. Bizikleta kentzeko, bizikleten aparkaleku-sisteman erregistratu dela egiaztatu beharko da, eta Udalarekin zor den edozein kitatu beharko da, halakorik badago.
e) Zerbitzuan erregistratuta ez dagoen eta instalazioan jarri den bizikleta aurreko idatz-zatietan ezarritakoaren arabera kenduko da, eta bere jabetza egiaztatuz berreskuratu ahal izango da, kasu honetan, eta kentzeagatiko eta udal-gordailuan egoteagatiko zenbatekoa ordaindu ondoren.
ZERBITZUAREN ALDAKETAK
Zerbitzua erabiltzeko baldintzak aldatzen badira, baldintza berriak onartu beharko dira, app edo web bidez, eta baldintza horiek onartzen ez badira, zerbitzuan baja eman ahal izango da.
BIZIPARK DERIO HERRIKO PLAZARA SARTZEA
Bonu aktiboa duen eta ordainketak egunean dituen erabiltzaile baimendua BiziParken sartu ahal izango da, QR kodea edo baimena aktibatzeko unean jasoko duen zenbakizko kodea erabiliz.
Aparkalekuko sarreran eta eremu komunetan bizikleta eskuan dagoela zirkulatuko da.
Erabiltzailea aparkalekuan sartzen denean, atea itxi dela egiaztatu beharko du, zerbitzukoak ez diren pertsonak sar ez daitezen. Aparkalekua aukeratu eta bizikleta ainguratu beharko du. Bizikletei nahitaez jarri behar zaie giltzarrapoa.
Erabiltzailearen egonaldia bizikleta gordetzeko edo kentzeko lanak egiteko beharrezkoa den denborara mugatuko da.
Erabiltzailea behar bezala seinaleztatutako irteera-puntutik aterako da esparrutik, eta bizikletak aparkatzeko esparrua ondo itxita geratzen dela ziurtatuko da beti.
BESTELAKO INFORMAZIO BALIAGARRIA
- Debekatuta dago bizikleta bera ez den beste edozein objektu gordetzea, bizikletak instalatuta dituen bizikleta-osagarriak ezik (argiak, haurrak garraiatzeko aulkia, alforjak, etab.). Objektu pertsonalak horretarako jarritako kutxa gotor tenporizatuetan (12 ordu) utzi ahalko dira.
- Ez dago baimenduta hirugarren pertsona bati esleitutako plaza alokatzea edo lagatzea, ezta erabiltzaile gisa alta eman ez zaien pertsonei aparkalekura sartzea ere.
- Instalazioak Derioko Udalak kudeatutako bideozaintza-kamerak izango ditu.
- Abonatutako pertsonak Derioko Udalaren eta gainerako erabiltzaileen aurrean erantzun beharko du erabilera-arauak ez betetzeagatik eta bizikleta erabiltzean arduragabekeriaz edo zabarkeriaz jokatzeagatik eragiten dizkien kalte-galerengatik. Erabiltzailea izango da hirugarrenei eragindako kalteen erantzule bakarra.
- Zerbitzuan alta emateak ez du bere gain aparkatutako bizikleten zaintza. BiziPark aparkalekua erabiltzailearen kontura eta arriskuz erabiliko da.
- Udalak bizikletari gerta dakiokeenaz baino ez du erantzungo, baldin eta bizikletak instalatzeko sarbideak kontrolatzeko sistemak huts egiten badu.
- Aparkatzeko espazioaren barruan, ezarritako antolamendua errespetatu beharko da.
- Horretarako prestatuta ez dauden hutsuneetan ezin izango da bizikletarik aparkatu.
- Ezinbesteko kasuetan, udalak edo horretarako kontratatutako erakundeak bizikleta lekuz aldatu ahal izango du, eta erabiltzaileari bizikleta uzten den leku berriaren berri eman beharko dio.
ARRETA ZERBITZUA
Erabiltzaileak telefono bidez zuzendu ahal izango ditu sarbideetako gorabeherei, altei eta bajei buruzko kontsultak, bai eta zerbitzua erabili ahal izateko beharrezkoak diren prozesu guztietan aholkularitza eta laguntza jasotzeko ere.
Zerbitzua emateari dagokion bestelako goraberei buruzko beste edozein jakinarazpen egiteko Derioko Udalera zuzendu beharko da ohiko komunikazio-bideen bidez (posta elektronikoa, telefonoa, etab.).
Derioko Udala arduratuko da BiziParkeko mantentze-lanez eta garbiketaz.
DATUEN BABESA
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduak, pertsona fisikoen datu pertsonalen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoak, eta 3/2018 Lege Organikoak, datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoak, ezartzen dutena dela-eta, honako informazio hau ematen da datuen tratamenduaz. Formularioan emandako informazioaren titularra Ermuko Udala da (egoitza: Herriko plaza, Derio. Bizkaia).
Informazio gehiago nahi izanez gero, honako bide hauek erabil ditzakezu eskatzeko:
• Telefonoa: 944 541 019
• Posta elektronikoa: bizipark@derio.eus
Derioko Udalak bizikletak aparkatzeko zerbitzuaren erabilera eta bonuen kobrantza kudeatzeko erabiltzen du aplikazioan biltzen den informazioa.
Datu pertsonalen tratamenduaren legitimazioa da helburu bat betetzea interes publikoaren alde edo Datuen babesaren 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1 e) artikuluan aipatzen diren botere publikoez baliatuz.
Eskatzen den informazioa (identifikazio-datuak, harremanetarako datuak eta banku-datuak) kudeaketako aplikazio informatikoan biltzen da. Informazio hori aurrean azaldutako helburuetarako baizik ezin da erabili.
Aplikazio informatikoaren arduradunak behar diren segurtasun-neurriak ezarriko ditu bere esku dauden datu-tratamenduen arriskuen maila kontuan hartuz.
Eskubideak
Pertsona guztiek dute eskubidea jakiteko Derioko Udala beraren datu pertsonalak erabiltzen ari den ala ez.
Pertsona interesdunek eskubidea dute beren datu pertsonalak eskuratzeko, oker dauden zuzentzeko eskatzeko, eta kasu batzuetan ezabatzeko eskatzeko, esaterako datuak xedeak betetzeko behar ez direnean edo indarreko legeria bete behar denean.
Kasu batzuetan interesdunek eskatu ahal izango dute beren datuen tratamendua mugatzeko, hau da, erreklamazioak egiteko edo haietatik babesteko soilik erabiltzeko.
Kasu batzuetan, norberaren egoera partikularra dela-eta, interesdunek uko egin ahal izango diote beren datuak erabiltzeari. Halakoetan, Derioko Udalak ez ditu datuak erabiliko, honako bi kasu hauetan izan ezik: ezinbestekoa denean eta legebidezko arrazoia dagoenean; erreklamazioetatik babesteko.
Halaber, interesdunek eskubidea dute Derioko Udalari emandako datu pertsonalak jasotzeko formatu egituratuan, ezagunean eta makina bidez irakurtzeko modukoan. Eskubide honek honako baldintza hauek dauzka: datuak interesdunak emandakoak izan behar dira; Derioko Udalak datuak modu automatizatuan tratatu behar ditu, hau da, baliabide informatikoak erabiliz.
Bideozaintza
Derioko Herriko Plaza aparkalekuan bideozaintzako kamerak daude, bertan uzten diren ibilgailuak eta instalazioak erabiltzen dituzten pertsonak seguru egon daitezen. Bideozaintza-sistema honek Ertzaintzaren baimena dauka. Gainera, eskatzen den lege-baldintza guztiak betetzen ditu, abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoak, segurtasun-indarrek toki publikoetan bideokamerak nola erabili behar dituzten arautzen duenak, 3.4 artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.